XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hernandorena, Aitzol, Eizagirre, Zubimendi, Arzelus... belaunaldi berri bat bildu zuen elkarteak inguruan, eta egundoko lanak egin zituen Errepublika garaian, batez ere urteroko Egun handi ugariren medioz (Emakume Euskaldunarena, Olertiarena, Bertsolariarena, Umearena...). Mugimendu honek, ordea, eragin urriagoa izan zuen eskolan. Zein ote zen, irakite kultural honen erdian, kaleko giroa?

Bernardo Estornesek Kontabilitate Akademia bat sortu zuen Donostian 1930ean, eta publizitate moduan kartel elebidun zabal bat ipini zuen balkoian, alderik alde. Ez zen publizitate hutsa, Inzagaray kontratatu zuen euskarazko klaseak emateko bertan.

Bernardok dioenez, Donostian ageri zen lehen errotulo elebidun handia zen, letra euskal tipokoa zuela, ertzetako apaindurak bezala. Baluke eskubiderik Estornesek halako baieztapena egiteko. Baina ez zen berea izan aurrena, bigarrena baizik. Aitzolek Juan Ignazio Uranga pertsonaia aipatzen du, bertsolaritzaz ari den batean.

Errenteriarra zen Uranga hau, Donostian kokatua, eta bere dendatxoan ba omen zeukan, XIX. mendeko azken bi hamarkadetan, txartel bat zioena Bizartegia. Ile-apainketa. Bata mende batean, bestea hurrengoan, Donostian izan ziren bi kartel, gutxienez, kaleari begira euskaraz idatziak...

Uranga honek, Euskera badijoakigu, Aitzol! Alperrik zabiltzate! esaten omen zion apaizari. Alperrik zabiltzate hori bere apaltasunaren froga baino ez dateke, ile-apaintzaileak lan handia egiten baitzuen, besteak beste, Argia astekariaren erredakzioan.

Oliorik gabeko kriseilua

Ricardo Barojak hitzaldia ematen du Irungo institutuan 1931n. Beste zenbait ekarpenen artean, la semejanza perdura a través de los siglos entre la palabra vasca Basco, con B, y la palabra Bosque dio. Amaitzeko, el vascuence se muere ante nosotros. El encantador idioma misterioso parpadea moribundo como una lámpara falta de aceite.

Euskaltzaleak-ek eginiko azterketen arabera, Hego Euskal Herria honela osatua zegoen 1931 hartan.